Hilabete daramagu konfinamenduan, gure etxean, giltzapeturik, abstinentzia pajareril sindromea pasatzen, gure armarik onenekin borrokatzen: pazientzia eta gure lagun leiala, argazki-kamera. Beste lankide bat ere badugu, gure txakurtxo Itzal, beti prest azken aurreko paseoa emateko… sofaraino. Hau amaitzen denean, errodatzen irtengo da!
Hiria hutsik edukitzearekin batera, badirudi gure ohiko txoritxo batzuek animatzen direla bisita bat egitera. Ohituta geunden txolarreetara, buztangorrietara, txatxangorrietara,… baina lehen aldia da txinbo kaskabeltz bat ikusten dudala nire leihora agertzerakoan.
Egun pare batez izan ditugu hainbat hemen inguruan, euren kantu eta presentziarekin gozatzen eta inguruko eltxoekin akabatzen, eskerrik asko!
Nire leiho aurreko teilatuan, txolarreek habia egiten dute. Horretarako, goroldioa lapurtu didate sarrerako hormatxotik, txakur-ileak eta burdin hesian lotutako zuntzaren bat, haize-egunetakoak.
Buztangorria, inguruan ohikoa den beste bat. Goizero kantatzen du alboko etxeko antenara igota. Eta noizean behin argazkiren bat ateratzen uzten digu…
Eta bere laguna, bere burua interesgarri bihurtuz.
Egunero, eguuuunero, gure lagunik goiztiarrenak esnatzen gaitu, txatxnagorriak. Eta batzuetan, hiruzpalau ahotsetako kontzertuak izaten dira, inguruko lau zuhaitz txikien artean ederki banatuta.
Inguruko kaskabeltz handia, neskari deika. Tit tit… tit tit…
Eta atzo bertan, karnaba talde handi bat kantu edo liskarretan lehiatzen ari zen, ez nago oso ziur…
Eta hau bai ez nuela espero, txepetxa bat! Bere trino onena oparitu dit. Espero dut hemen habia egiten ariko zarela…
Denbora aurrera doa, gutxiago falta da.